IKASTOLAREN HISTORIA
Ikastolaren sorrera 1967-68 ikasturtean eman zen, eta orduan, guraso talde txiki bat, frantziskotarretako fraile bat, bi andereño eta haur talde txiki bat bakarrik ziren. Mojek utzitako gela txiki batean ematen zituzten eskolak.
Hasierako urteetan, Haur Hezkuntza bakarrik ematen zen, eta Aitor ikastolatik pasa ondoren, beste norabaitera joan behar izaten zuten ikasleek, gehienetan Santo Tomas Lizeora edo Ibaiera.
Ikasleak ugaritzen hasi ziren urtetik urtera, eta leku gehiagoren beharrean aurkitu zirenez, elkarte bat eratu, eta ondoren, Karmengo Ama 60ko lokala erosi ahal izan zuten.
Lehen Hezkuntza martxan jarri ondoren, ikastolak oraindik eskola bezala baimenik ez zuenez, ikasleen testu liburuak Ibai lkastolaren izenean eskatzen ziren.
1983an Aitor Ikastola legez onartu zen, Aitor Ikastola Kultur Elkartearen ekintza bezala. Orduan, garai hartako Zuzendaritza Batzordea lizeoa egiteko lur bila hasi zen, eta Mundaizen Aitor-Bilintx Lizeoa eraikitzeko lur saila erosi zuten.
Hura eraiki bitartean ordea, ikaslegoa etengabe ugaritzen ari zenez, berriro ere gela gehiagoren beharrean aurkitu ziren. Egoerari konponbidea topatu nahian, Mandasko Dukea kaleko Fruta Merkatuako gela batzutan (gaur egungo Epaitegietan) sartu ziren, ahal zuten moduan.
Gora behera batzuen ondoren, azkenean, ezin izan zen Mundaizen ikastola eraiki, eta Udalak eta Hezkuntzak emandako eraikinetan kokatu zen Aitor Ikastola: Konkorrenea 7an, Andrés Manjón ikastetxean, Ametzagaña 5an eta Ametzagaña 40an.
1994eko urtarrilaren 25eko Hezkuntzako dekretuaren bidez, Aitor Ikastola ikastetxe publiko bihurtu zen. Urte askotan egindako eskaeraren ondoren, 2008-09 an Konkorreneako eraikin berria egiten hasi ziren, eta bukatu arte, bi ikasturteetan zehar, ikastola guztia Ametzagaña 40an egon zen.
2010-11 ikasturtean eraikin berria inauguratu zen, Konkorrenea 7an. Hortik aurrera, ikastola bi eraikinetan banaturik dago:
− Konkorrenea 7: Zuzendaritzaren bulegoak, Idazkaritza, Latxaga Guraso Elkartearen bulegoa, Haur Hezkuntza osoa eta LH 1. eta 2. mailak daude hemen.
− Ametzagaña 40: LH 3, 4, 5, 6 mailak